Viñedos Hontza

Iker García eta Alice Bridoux

Labraza (Araba)

Artzain baten biloba eta nekazari baten semea izanik Ikerrek txikitatik ezagutu zuen zer zen lan gogorra egitea, elementuei so egitea eta naturatik ikastea zer den. Jakinmin horrekin Ingurugiro Zientziak egin zituen Gasteizeko unibertsitatean eta Europako hainbat lekutan prestakuntza teorikoa eta praktikoa jaso zuen.

Bere bidaia horietan Alice Bridoux baloniarra ezagutu zuen. Ikusentzunezko komunikazioa, arte eszenikoak, kultura kudeaketa eta pedagogia ikasketak egin ondoren mundua ezagutzera abiatu zen Alice. Bidaia horietan etorkizunerako bidea irekiko zizkioten permakultura, baratzegintza eta pedagogia aktiboetan formakuntzak egin zituen.

Ideia komun batek batu zituen Iker eta Alice: naturarekin harmonian bizitzea, lurra eta izakiak zainduz, bere zikloak eta beharrak errespetatuz, egunero ongizatea eta bizipozaren alde ekiten, mundu hobe baten alde ekiten finean.

Horrela, 2015ean Labrazara itzuli eta Hontza egitasmoa sortu zuten. Lehenik Ikerren aitaren mahastiak ekoizpen ekologikora egokitzeari ekin zioten eta gero emeki-emeki nekazaritza biodinamikoan murgiltzen hasi ziren.

Lurra, klima eta mahats-barietateak

Labraza, 100 biztanletako herri bat da, Oiongo udalerrian kokatua, Araba eta Nafarroaren arteko mugan, 670 metrotako altueran. Altuera horrek, klima mediterraneoan egon arren, freskotasuna ematen diete ardoei, nolabaiteko mikroklima bat sortuz.

Gaur egun, jadanik 12 hektarea dira ziurtagiri ekologikoa dutenak. Bertako mahastiek 30 eta 100 urte arteko adina dute eta ipar zein hego, eki edota mendebalderantz kokatuak daudenez lursail bakoitzeko ardo ezberdinduak ekoizteko baldintza bikainak eskaintzen dizkiete.

Lurzoru gehienak buztin eta karezkoak dira, batzutan harezkoak eta gehienetan oso pobreak.

Lantzen dituzten mahats-barietate guztiak bertakoak dira, gehienbat tempranilloa eta garnatxa eta biura pixka bat baina baita ia galduak diren beste batzuk mazuela, Miguel de Arco, cojon de gato, parrillera, calagrañoa...kasu.

Mahasgintza

Hasieratik ekologikoan hasi baziren ere horrekin aski izan ez eta berehala ekin zioten nekazaritza biodinamikoaren lehen frogak egitera. Egun erabat murgilduta daude zientzia garaikidearen ezagutzak eta gizakia eta naturaren alde izpiritualak batzen dituen biodinamiarekin. Iker eta Alicentzat bizitza bere osotasunean ulertzeko bide bat.
Mahastiak zaintzeko erabilitako prestakinak guztiz naturalak, homeopatikoak eta bertako inguruan jasoak dira.

Ardogintza

Bide beretik upategian mahastietatik heldu diren mahatsen zukuari errespetu osoa diote eta ez diote ezer kentzen eta ezer gehitzen eta ez dute inongo egonkortze edota iragazte teknikarik erabiltzen. Helburua haien lursailen originaltasuna ardoetan isladatzea da, moldaketarik gabe. Horrela ardo natural indartsuak eta energiaz beterikoak ekoizten dituzte.