Martxoaren 2an Donostiako Tabakaleran Biba Ardoak publikoki aurkeztu genuenean ezin genuen irudikatu bi aste beranduago helduko zena. Egun batetik bestera gaixotasuna, beldurra eta heriotza heldu ziren…ostalaritza itxita, herritarrok konfinatuta, gure ardoak biltegian eta upategietan geldirik…Bortizki kolpatuak izan gara denok.

Bitartean naturak aurrera jarraitu du eta laster mahats-bilketa garaia helduko da ere.

Biba Ardoak sortu genuenean bizitzaren aldeko apustua egin genuen. Bizitza darie gure mahastiei eta gure ardo ekologikoei. Gurea ez da lana bakarrik, bizimodua baizik. Bi mila urtez bizitza ospatzeko ardoa edan dugu. Gure kulturan eta lurretan erabat sustraitua dago.

Egungo egoera gogorrean ere bizitza ospatu nahi dugu eta bizitza eta ospakizuna ezin ditugu irudikatu ardoa senide eta lagun artean partekatu gabe. Aurten herrietako festarik ez da izanen baina horrek ez du esan nahi bizitza ezin dugunik ospatu. Izan ere hainbesteko itxialdi, gaixotasun eta heriotza artean inoiz baino beharrezkoagoa da partekatzea eta bizitza ospatzea.

Horrela bada gogo eta bizipoz osoarekin Biba besta! aurkeztu nahi dizuegu. Biba besta! markapean bizitzaz beteriko euskal ardo ekologikoak partekatu nahi ditugu zuekin: frutadunak, freskoak, edanerrazak, naturalak… Lagunartean etxean, mendian, kanpinean, parkean, hondartzan, txokoan…partekatzeko modukoak.

Lehenengo Biba besta! honetan Irunberriko gure mahastizain aita-seme Juanra eta Ibon Olloren garnatxa gozatu ahalko duzue. Fruituaz beteriko ardo gazte arina, mahats zuku goxoa da. Hiru litrotako (lau botila adina beraz) pouch-up izeneko iturridun zahato berritzaile, ekologiko eta eramangarri erosoan ontziratu dugu.

Badira 25 urte Juanra eta Agurtzane bikoteak Aristu mahastiak eta upategia sortu zituztela, hasiera-hasieratik ardo ekologikoak ekoiztuz. Orain Ibon semeak segida hartu du, indarrez beterik eta ardo arinagoak eta edanerrezagoak egiteko gogoarekin. Horren adibide bikaina da gure lehen Biba besta! hau.

Gainera hautatu dugun ontziratze berritzaile honek, pouch-up delakoak (guk pautxapa deitzen diogu 😉) abantaila nabariak ditu:
👍 Ardoaren kalitatea: behin irekita ardoa bikain gordetzen da lau aste pasa badira ere.
👍 Dirua aurreztu: pouch-upak lau botila, etiketak eta kortxoak ordezkatzen ditu.
👍 Ekologikoagoa: botilekin alderatuta karbono aztarna askoz txikiagoa du.
👍 Erosoa: nahi beste edateko, edonon gordetzeko eta edonora eramateko erreza.

Zuen etxera, txokora, taberna edo dendara eramatea nahi baduzue ardoak@bibaardoak.eus helbidera idatzi edota (hego Euskal Herritik) 722689246/(ipar Euskal Herritik) 0608574063 zenbakira deitu.

Biba lurra! Biba mahastizainak! Biba bizitza! Biba besta! Biba ardoak!

  • baztango xurie mahatsak

    2020ko bilana 2021ari begirako argia

  • 2023ko Biba Azoka aurkeztu dugu

  • Ama Lurraren Egunean